BORDELEKO IKASLEEK ARABAKO CAMPUSA BISITATU DUTE, ENOLOGIA BERRITZAILEAREN MASTERREAN PARTE HARTZEKO | Enologia Berritzailea Masterra

  • Home
  • Albisteak
  • BORDELEKO IKASLEEK ARABAKO CAMPUSA BISITATU DUTE, ENOLOGIA BERRITZAILEAREN MASTERREAN PARTE HARTZEKO
10 Api


Bordeleko L ‘Ecole Nationale Supérieure des Sciences Agronomiques Master of Business and Science in Vineyard & Winery Management (Enpresen eta Zientzien Administrazioko, Mahastien Kudeaketako eta Upeltegien Kudeaketarako Masterra) masterreko 32 ikasleak Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako Campusean izan dira, UPV/EHUren Enologia Berritzailea masterreko Ardogintzaren Kudeaketa irakasgaian parte hartzeko. Master biek hitzarmen bat dute, masterreko titulazio bikoitza lortzeko aukera ematen duena, eta elkarrekin matrikulatzeko eta tesia elkarrekin gainbegiratuta egiteko lankidetzarako abantailak eskaintzen dituena.

Taldea osatzen duten 32 ikasleen artean —18 nazionalitate ezberdinetakoak— profil profesional diferenteko pertsonak bildu dira, guztiak bat etorriz enologian eta mahastizaintzaren kudeaketan duten interesean. Moldagarritasun horrek sektore honetan aurki daitezkeen aukera profesionalak zabaltzen ditu.

Hainbat mahasti eta upategi bisitatzeaz gain, Lascaray ikergunera bertaratu ziren UPV/EHUko Analisi Sentsorialeko Laborategia eta Arabako Campuseko gune honetako instalazio zientifikoak sakonean ezagutzeko. Bisita UPV/EHUko Enologia berritzailea masterreko arduradunek (Patxi Perez Elortondo, Iñaki Etaio eta Azucena Vicente) zuzendu zuten. UPV/EHUko master horretan kolaboratzaile diren Neiker-en eta HAZI Fundazioaren instalazioak ere bisitatu zituzten.

Enologia berritzailerako masterraren eskola teorikoak urtarriletik ekainera ematen dira eta, ondoren, mahastizaintzako eta ardogintzako enpresetako praktikekin eta master amaierako lan batekin osatzen dira.

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/es/web/enologiainnovadora/aurkezpena